Euskararen jatorria

Lergako hilarria. Bertan irakurri daiteke UMMESAHARF, hau da, "umme sahar(i) f(ilius)". Nafarroan aurkitu den euskarazko izkriburik zaharrena da.
Arranes Arbizkar euskal izena Ascoliko brontzean. Baskoien zalduna izan zen, K. a. 90. urtean gutxi gorabehera

Euskararen jatorria munduko hizkuntzalari asko kezkatu dituen gaia da. Teoria ugari sortzeko hizpidea jarri du, Europan indoeuropar jatorria ez duen hizkuntza bakartua baita euskara, hurbileko seniderik eta inguruko ezein hizkuntzarekin harreman zuzenik gabea. Teoria ugari eta oso ezberdinak proposatu dira azkeneko hamarkadetan, eta mundu mailako hizkuntzalari mordoa batu da hizkuntza berezi honen jatorriaren bilaketara. Une honetaraino, ordea, aurrerapenak egin diren arren, euskararen gurasoaren arrastorik edo jatorriaren inguruko teoria segururik ez da aurkitu.

Euskararen jatorria modu askotara aztertu izan da historia osoan. Hizkuntza baten jatorria aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarra hizkuntzalaritza historikoa da (diakronikoa). Hizkuntzalaritza historikoaren metodoan, toponimia, onomastika, etimologia, morfologia, sintaxia eta arkeologia erabili izan dira eta, azken urteotan, genetika ere sartu da. XVI. mendetik aurrera, ugaldu egin ziren euskararen jatorriari buruzko azalpen mitikoak Euskal Herrian, foruen inguruko eztabaidan kokatuta. Artikulu honetan, euskararen jatorriari erreparatzen zaio. Eztabaida horri lotuta, hizkuntzaren iraupenaren gaia agertzen da sarritan.

« Euskararen misterioa ez da jatorria, iraupena baizik »

Koldo Mitxelena


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search